Euskal Sena Ekimena gure kulturaren agendan ahazturik dagoen gai bat ulertzeko eta berbizitzeko jaioa da: euskal sena edo gure ‘kultur instintua’.
Gaia itxuratzeko eta eztabaida dokumentuak sortzeko bileretan eta lanetan dihardute Euskal Sena Taldea delakoaren inguruan interesatuak.
Parte hartu blogan kux-kuxeatzen eta iruzkinei erantzuten, eta Gu eta… Zuk?… atalean aurki ditzakezun partaidetza bideetan ekarpenak egiten. Eskerrik asko!
Euskal Sena euskaldunok gauzak ‘berez’ eta ‘diren horretan’ ulertzeko dugun era naturala eta zuzena da, gureak diren munduikuskera eta jokamoldeak islatuz. Gure kultur instintua da. Euskaldunoi senak zerbait argitzen digunean, nahiz eta ‘berezkoa’ sentitu dezakegun, gure euskal sena da hori.
Sarritan, Euskal Sena gure herriaren izatearen eta nortasunaren pareko ikusi izan da. Islatzen dituela argi dago, eta haien funtsa jasotzen du. Baina baliteke hori baino gehiago izatea ere.
Herri Sen bat zehaztea arantzatsua da, bakoitzak bere eran bizitzen duelako, eta denboran aldatzen delako. Zenbat euskaldun, hainbat euskal sena.
Baina heldu behar zen eguna, gaiari lotzeko. Zergatik?
Euskal Senaren gaia ez dago, zoritxarrez, ‘Euskal Gaiak’ deritzon esparru horren mahai-gainean. Ezta agendan ere. Eta zer garrantzitsuagoa herri batentzat, gauzak beraien horretan ulertzeko duen adimen zuzena zertan datzan jakitea baino? Zer interesgarriagoa, bere kulturaren funtsa non koka daitekeen lotzea?
Euskal Sena lehen aldiz zehaztea eta eztabaidatzea izan da gure asmoa. 2018az geroztik, eragile talde batek gaia eztabaidatzen ibili gera Bilkuretan, foroetan eta lan saioetan. Baina ‘zenbat euskaldun, hainbat euskal sena’ denez, parte hartze aukera ahal denik eta gehien zabaldu nahi dugu. Guztion laguntza eskatzen dugu, aberkide anitzen partaidetza.
Gure asmoa zera da, guztion laguntzaz prozesu hau ireki eta inoiz ez hertsi. Gure euskal belaunaldiak ondare hau utzi dezan nahi dugu, beste belaunaldiek beraien eran moldatu eta berriztu dezaten.
Euskalduntasuna eta euskal-sen-tasuna, hots, euskal izaera eta sena, denon artean eta milurte honen hasieran zehaztu ahal izateko proposatzen dira hurrengo hitzak.
Blog hau partaidetza hori errazteko pentsatua dago: Apologia bat zuek kitzikatzeko asmoz; Gakoak edo egin dugun lanaren sintesia; Urrezko Haria edo norbanakoen esperientziak; eta Oinarrizko Dokumentua, hots, auzolanean moldatzen ari garen azterketa (pdfan).
Bestalde, taldekideek proposaturiko lan fokatuagoak dituzu ‘Biltegia‘ atalean. Eta, azkenik, baliabide gehigarriak leku berean.
Amaitzeko, Euskal Sena plazaratzeko proiektatzen ari dugun dokumentala ‘Bideoa’ atalean.
On egin diezazun! Baña gogoratu: ‘zenbat euskaldun, hainbat euskal sena’ denez, zure iradokizunen eta ekarpenen zai gaituzu (begira ‘Zuk?‘ atalari).
Felix Zubiaga
Euskal gogoaren azterketa hau, sikologorik ezean, nahasgarri izan daiteke batzurentzat, baina askorentzat ernagarri.
Xabier Renteria-Uriarte
Milla esker, Felix. Hasiera guztiak dira zailak, baina motibagarri. Elkarlanerako prest beti…