Euskal Sena gure herriaren ‘kultur instintua’ dela esan dugu. Sarri, gure nortasun gisa laburtu da ere. Edonola, munduikuskera oso bat dela aitortu behar zaio. Euskaran, mitologian, eta kulturan agerpen desberdinak gogoratu ditugu. Goazen osotasuna arin berrikustera.
Euskal Mitologiaren arreta indar naturalak dira, bere horretan harturik. Euskal Sena, oro har eta existentziarekiko, naturalista eta animista da. Naturarekin bat egitea da erreferentzia, euskaran bezala. Baina inplikazioak are sakonagoak dira alde honetatik.
Lur honetan bizi garenok Amalurraren alaba-semeak eta espresioak gara, munduikuskera honen mezuan. Bere agerpen bat besterik ez gara, besteen artean. Naturaz eta gutaz haratago ez da ezer, ezein Jainko eta botere arrotzi obedientzia, sumisio eta bildurrik gabe bizi gara.
Baina Gu eta Amalur, edozer eta edonor, Hutsa gara. Euskarak zerizanak edo esentziak definitzeko Hutsaren kontzeptua erabiltzen du (kafe hutsa, adibidez, ez da kaferik gabeko kaikua, kafea bere osotasunean eta purotasunean baizik). Gauzak eta zerizanak Hutsaren edo Hustasunaren gainean definitzeak filosofia existentzial erabat sakona du barruan. Izan ere euskara, litekeen sintaxi oinarrizkoenean, gai nagusiaren den planetako jakinduri tradizio handien muina eta misterioa islatzeko gai da, horretan munduko hizkuntza bakarra izanik.
Etxea, Amalurraren gorpuztea bezala bizitzen dugu. ‘Sena’, edo bizitzan zentzuzkoa eta berezkoa dena, etxearekiko eta bere sendia eta ohiturarekiko ulertzen dugu. Horrela, “Euskaldunen gogo osoa auxe da: etxea ondo sendotzea… Etxea zaintzeko bazter guztietatik al dena atera bear, ori izan da gizaldietan gure erriaren eginkizuna”; eta etika ere horren gainean dugu, adibidez, otoitz egitera joaten zirenek etzuten beraien asmo pertsonaletarako eskatzen, katolizismoan hedatua den bezala, etxearen alde baizik (Latxaga, 1999).
Etxea, Amalur eta Huts ardatz dituen munduikuskera honetan filosofia sakona eta espekulatiboa garatzen da, aipatu dugun bezala. Existentziaren hustasuna, misterioa eta ilusioa onartzen dugu eta, esan bezala, manifestatzen dituen baturak, osotasunak eta borobiltasunak ere.
Adibidez, existentziarik ez duten aldeei (inor, inoiz, inon…) nolabaiteko existentzia onartuz, esaldietan ezeztuz (inor ez, inoiz ez, inon ez…). Ahalezkoak edo posibleak diren aukerei nolabaiteko existentziara ekartzen eta baikortzen ditugu ere, ba- aurrizki baieztatzailearekin. Bada ala ez bada eta Bada edo ez bada espresioek egiaztatu bezala. Guzti horren zehaztapena da ere Izena duen guztia ba da antzinako sinismena. Guzti hauek itzelezko filosofia dute atzean, inongo filosofia liburutan agertu ez arren.
Edukin honi buruzko bertsio luzeagoa nahi baduzu, jo Euskal Senaren Oinarrizko Dokumentura. Gako hauei buruzko bertsio laburrak nahiago badituzu, jarraitu hemengo gakoetan nabigatzen.
Utzi erantzuna