Euskal Herrian bi aberkide mota daude: burua kolonizatua daukatenak, eta kolonizatu gabe daukatenak. Eta norbaitek hori lelokeria frogaezina dela esaten badizu, horrek lehen taldekoa dela frogatuko du.

Erraz aurkituko dituzu. Zuhurtasunaren eta objektibotasunaren zaldiaren gainean, euskal baloreak indartzeko esan dezakezun edozer mespretxatuko dute: “hori ez da horrela, honela da”, zeren “ez dago hori frogatzen duen artikulu zientifikorik”, eta abar. 

Kasu bat. ‘Lagun’ hitza talde handietara eta ezezagunen orokortasunetara aplikatzen diegunez, euskal senean euskaldunon anaitasuna islatzen bide duela esaten badiezu, zera erantzungo dizute: “ah zelako txorrada”, “hori ez dago inon argitaratua”, “orokortasunetan lagun eta kide berdin dira, anaitasunik gabekoak”.

Non dago beraiek botatako uste hori argitaratua? Inon. Baina lege objektibo eta saihestezinatzat botako dizute beraien ustea aurpegira.

Tristea da, sarri, euskaltzale militanteak direla ‘euskal baloreekiko ateo’ hauek. Prest egon daiteke euskalgintzari orduak eta energiak emateko. Baina kanpoko mespretxukeriek kolonizatua dute burua, ‘háblame en cristiano’ delakoaren logikaren parekoa.

Euskal Sena delako batasuna, euskal sena delako anaitasuna, euskal sena delako baikortasuna. Gure kultura burua ez delako ‘hori ez, hori ez’, inkonzienteki irentsi ditugun ikusmolde arrotzekin bat ez datorrelako. Gure jarrera delako, ‘hori ez’ uste badugu, zera proposatzea: ‘baliteke hori, bote-lasterrean etzait ba iruditzen, baina ea, kontsidera dezagun guztion artean’.

Atzerriko ikuspuntu hauetatik, bertoko irizpidea ukatzen dizuten horien zuhurtasunaren eta objektibotasunaren zaldien gainean agertuko zaizkizu, goitik behera pontifikatuz. Baina, euskal senaren irizpidearekiko, dortoka batzuen gainean datoz.

Edozein eztabaidetan aurkituko dituzu. Haitz- erroa lanabesen terminoetan presente egon daitekeela gogoratzen baduzu, zera erantzungo dizute, ‘aizkora latineko asciolatik datorrela frogatua dago’. Baina froga hori inoiz kontrastatu gabe. (Nik egin nuen, eta teoria hori frogarik gabeko uste galanta dela aurkitu nuen, dialektika-ring baten bizirik ateratzeko boleto gutxien daukana, gainera).

Ia parekoa den argudioa, askotan errepikatuko dizutena, honakoa da: ‘zuk diozun A hori ez dago inon argitaratua, benetan B da’. Eta non dago B argitaratua? Inon, baina hori ahaztu dute. Zergatik? Erraza delako korrontearekin hitz egitea, jakintsu objektiboaren ahotsa jarri eta listo, boronoak erridikuloan uzteko haina.

Berdin da. Sasi-jakintsu zientifiko eta objektibo hauek, pueblerino bezala tratatuko zaituzte, ‘lagun’ hitzaren sakona inoiz sentitu gabe. Aditz-taula akatsik gabe aplikatuz hitz egingo dizute, baina ahotan hainbeste darabilten Euskal Herria horren sena inoiz sentitu eta loratu gabe.

Poza hori barnean mantenduko dugu, euskal pueblerino borono ilusook. Hain objektibo hitz egiten duten horiek ikusiko dituzu gero, Euskal Jairen batetan, taloak (hots, boronoak) jaten eta txakolia edaten; ser euskaldun mola, que es lo nuestro. Baina baliteke guk boronook ez ikustea, hara ez garelako joan. Zera esaten digulako andrak, euskaldun bizitzea ez dela urtean behin bizi beharreko folklorada. Egunero dugun militantzia da, ez euskara hitz egiten soilik, euskal mundu-ikuskera arakatuz eta loratu nahi dugun barne aberria sentituz eta proposatuz ere.