Ekida(.eus) ekimenaren aurkezpenean egon nintzen atzo, Gernikan. Gozoa da gazteak tankera hauetako proposamenetan sartuak ikustea. Eta poteo orduetan aretoa mukuru, hori bai atsegina.

Kultura eta artea ikuspegi sozialista batetik mamitua egon daitezen sustatu nahi dute Ekidan. Txalotzekoa. Eta ekarpen deigarri batekin: kultura proletarioa kapitalismoko munduikuskera barruan dagoela diote, beraz, kultura eta artea sozialistak izateko munduikuskera sozialista batetatik sortuak izan daitezen bilatu behar da (beraz, kultura proletarioaren ‘kapitalismotasuna’ gainditu beharko litzateke).

Ondo, Ekida. Baina, barkatu.

Natura ezesten duten kultura eta artea ezin daitezke osoak eta beteak izan. Kultura, inguruneko natura eta gure natura ulertzea eta espresatzea delako. Eta artea, funtsean, naturako gaiekin naturan diluitzen garan moduak espresatzea delako. Kultura eta artea, osoak eta beteak izateko, natura askatasun osoz behar dute ulertu… Eta bizi.

Eta Ekidakoek nazioa edo herria inoiz ez dela kulturaren iturri; hori diote. Kultura proletarioa, goi klasekoa eta ertain klasekoa esistitzen direla bakarrik; baina ez herri honen edo bestearen kulturak.

Ba, dasentit, baina… Gure naturaren bi iturri nagusietatik bat ukatzen dugun heinean, akabo askatasuna, kultura eta artea.

Kulturaren nazio edo herri iturria ez onartzea naturaz kanpo dago. Diozue kultura desberdinen artean jende gisa batzen gaituena onartzea ezinbestekoa dela, eta ados, gure agendan dago eta egon behar. Baina planeta honetako kulturak, oro har, herri kulturak direla ez ikustea gabezi handia da. Naturaren kontrakoa, eta, beraz, kulturaren eta artearen aurkakoa. Historia bera ukatzen duzu, Jendea eta Gizakia bera, Antropologia bera, eta Soziologia ez unibertsalista guztiak.

Adibide erakargarria erabili zuen aurkezleak. Berak, Zarautzkoa izanik, Berlineko gazte batekin gehiago duela amankomunean, Zumaian bizi den Petronorreko bururarekin baino. Egia. Klasea, kultur iturri gisa, ezin uka. Eta herri kulturak esistitzen direla ahaztu dezakezu, Berlineko gazte horrekin garagardotan, edo dantzan, edo larrua jotzen duzun lehen gauetan.

Baina, lasai, elkarbizitza luzea egiten baduzu, ziur asko, laster ala berandu ohartuko zara zenbait aldeetaz. Bai, bera alemana, da, eta zu, nahiz eta ordurarte askorik ez onartu, ba bai, onerako eta txarrerako, euskalduna zara…

Eta akaso ez duzu hainbeste itxaron beharko. Ai lagun, larru jotze soil batean ere antzeman zenezake kultur desberdineko maitaleak zein desberdinak diren kilikatze aurrekarietan, jo ta ke prozesuan, eta baita ere (nahiz eta, akaso, emakumeok eta gizonok berdintsuen garen unea izan) gallur betean…

Sortzaile izateko askatasun osoa behar da, mugarik gabekoa. Ezin da mundua interpretatu begietan oihala dugula.

Baina hona nire ekarpenaren funtsa. Zuen herriko kultura behar beste ez baloratzeagatik, akaso galtzen ari duzue zuen helburu nagusia, hots, kultura eta artea mundu-ikuskera sozialistakoak izatea, mundu-ikuskera kapitalistatik kanpokoak.

Euskara, ez ahaztu, aurrekapitalista delako. Euskal mitologia, ez ahaztu, aurrekapitalista delako. Bertoko eta berezko zenbait antolaketa sozioekonomiko, aurrekapitalistak direlako. Eta dantzak egiteko modua ere, esate baterako.

Euskarak, euskal mitologiak, zenbait euskal antolaketa sozioekonomiko, eta zenbait espresio kultural euskaldun, euskal dantzak barne, milurte ez-kapitalistetan jende ez-kapitalistak izan dituen mundu-ikuskera eta jokabide ez-kapitalistak erregistratu ditu. Zenbait gakoetan. Hor daudenak, sozialista izan nahi duen edonorentzat, eskuragarri (esfortzu batekin eta jarrera irekiaz, hori bai).

Zuek, zuen kultura eta arte sozialista eta ez kapitalistaren ekimenean, gogoeta gisa hartuak izateko zai.

Gero, jarraitu zuen asmoa eta bidea. Ikusi nola herri honetan azpimarratu ditugun gako sozialista-natural eta a-kapitalistak beste herrien kulturetako zenbait aldeetan ere presente egon daitezkeen. Sustatu horiek hemen, sustatu han. Kulturak ez direlako osagaietan desberdintzen, enfasietan baizik, eta kultur arteko iraultza hori zai dugulako.

Hor duzue adibide apala. Kultur artean nik zuri eman, zuk har; zuk niri eman, nik har. Har-eman, harremana. Harremana, bai. Jendearen naturan ez dagoelako kapitalismoaren erlazio lapurra, har-eman berdinkoia baizik. Euskarak diotzue.

Orduan izango zarete oihalik gabeko sozialistak eta internazionalistak. Kultura eta arte beteak lortzeko gaitasun osoz josiak. Artea egiteko prest, bai, ohean ere, har-eman naturaletan, eta ez erlazio soiletan.