Kultura askok beren herriek ‘sen’ edo ‘instinto kultural’ bat dutela aipatzen dute. Hala da finlandiarren Sisu edo ‘barne erresilientzia’, korearren Han edo ‘sufrimenduaren edertasuna’, katalanen Seny edo ‘epai ona’, eta nubioen Anakato edo ‘abegi integraleko gure etxea’. Euskal Herrian Euskal Sena’ri buruz hitz egin da ere (Latxaga, Mokoroa…) baina gehiegi zehaztu gabe, euskal nortasunaren alde desberdinekin parekatuz.
Eragile multzoa, gehiengoa mogimendu eta akzio sozialetan ibilitakoa, Euskal Sena hori zehazteko bildu ginen 2018ko amaieran. Hainbat material plazaratu ditugu (euskalsena.eus´en eskuragarri) eta hauek dira funtsezko ideiak.
Euskal Sena ‘berezko adiera’ gisa defini daiteke, ‘gauzak diren bezala pertzibitzeko eta ulertzeko era’ gisa. Halako ‘insight epistemiko’ bat litzateke.
Euskal Sena gure historiako sistema sozioekonomikoak islatzen du: Auzolanak, Batzarreak, Komunalak edo Herri Jabegoak, eta Zuzenbide Piriniarraren demokrazia zuzena (ABKZP sistema).
Historiaren zehar Euskal Sena euskaran fosilizatu zen, eta hori dugu gaur bere euskarri eta eragile nagusi: harr-eman, -ok biltzailea, zenbakitzaileak (bera, zu eta hirurok), aglutinazioaren bidezko SOV egitura, eta abar luze bat.
Gizarte egituretan aztarnak gelditzen dira ere: Auñamendietako antolaketa sozial zirkularrak (Sales Vera), rol aldaketen bidezko lana (Sandra Ott)…
Azkenik, beste agerpen kulturaletan islatzen da: euskal dantzen borobiltasunaren printzipioa (Urbeltz), etabar.
Inplikaturiko aldeak proposatu dira ere: burujabetasuna begirunean finkatzea (Malato zuhaitzan ikurra duena), naturalismoa hierarkiarik gabekoa (Euskal mitologian), euskalsenduna izatea (Historian zehar eta etorkizunerako), etb.
Horretan lan egiten hasi ginenean honakoaz ohartu nintzan. Euskal Senari buruz ezer gutxi egin dugula orain arte, baina erakargarritasun itzela duen kontzeptua dela: guztiek nahi dute bere ustea agerraraztea. Politena izan da, azkenik, saski honetako proposamen guztiei zuku amankomuna ateratzea. Eta harritu ninduen beste gauza bat, bildu den jendea zein sortzailea eta interesgarria den.
Gure asmoa da bola hau martxan jartzea, egungo eragileek eta geroko belaunaldiek irizten dutena erantsi ala erantzi dezaten.
Utzi erantzuna