Igor Kaltzadarekin (Post-independentzia´ren egilearekin) nenbillen hizketan, aire zaharrak zituen Torinoko kafe hartan. Abertzaletasunaz, nolatan ez. Nik ikuspegi identitario-mitiko bat mahai gaineratzen: Historia, nortasunaren gakoak, mundu-ikuskera, identitatea… Berak etengabe: “hori ez da bakarrik gurean gertatzen, beste herri honetan ere bada”; “hori ere ez da gure esklusiboa, leku hartan ere bada”.
Azkenean, nik etena: “ezertan ez bagara ezberdin, zertarako nahi dugu independentzia?”
Joxe Arregirekin elkar-trukeak ekarri dit gogora elkarrizketa ha. Berak: “Ez dakit ‘euskal sena’ zenbatera den kultura indigenekiko desberdin”.
Nik: “Den-dena, eta ezer ere ez. Kultura guztiek dituztelako konposagai berdinak (eta horrek egiten ditu giza-kultura), baina horietan neurri desberdinak (eta horrek egiten ditu besteen arteko kultura zehatza)”. Azken batetan, sakonera amankomuna da guztien artean.
Eta Lainobeltz eta Theklan wikilariekin izandako wikipediako Euskal Sena artikuluaren eztabaidak nakar hauetara.
Nere ondorioa: “ematen du azken aldian identitarioa den edozerren gainean diskurtso bat montatzea politikoki ez-zuzena egin dugula, euskaldunak bereziak zirela uste zutenaren garaia ahal denik eta azkarren utzi nahi dugula atzean.
Baina gero, belaunaldi berriak euskalduntasunaz pasotismo itzelak erakusten dituenean, orduan bai, aieneak eta arrangurak. Ba erein dugun haziaren uzta besterik etzait iruditzen”.
Identitateari eta desberdinak sentitzeari bildurra kolonizatzaileek garunean sartzen duten mamua denean, gainera. Estatua baduenak ahantz dezake bere identitatea, hor lasaiean. Baina, ezer baino gehiago, zuk zurea ahantz dezazula nahi du.
Utzi erantzuna