Gure Kulturaren Funtsa

Kategoria: Sailkatu gabe

Euskararen transmisioa etetearen gaitzak

Batzarretan sarri eztabaidatu dugu euskararen eta euskal senaren transmisioa eteteak sor ditzakeen kalteei buruz.

Altxor bat dakarkigu Ainize Madariagak, horren argitzeko: euskararen transmisioa haurtzaroan etenik izateagaitik, pairamen psikologiak bilakatu zituen kasu pertsonal bat (eskolan frantsesez ikastera behartua, eta etxean ere, hori laguntzeko, euskara frantsesagatik aldatua).

Urteetako terapien ondoren, bere gaitzen iturria aurkitzea lortu zuen morroiak, zori onez.

Zer izango, herri oso batek pairatzen duenean bere hizkuntzaren eta bere senaren etete hori?

Ondo ezagutzeko eta patxadaz hausnartzeko kasua!

http://www.ueu.eus/denda/ikusi/komunitatea_hats_bahiturik__hiztunaren_trauma__diagnosia_eta_paliatiboak

Txanda-batzaren inguruan

Txanda-batza plangintzaren inguruan ideia pare bat.

.-Agate Deuna egunean egin nahi genukeen Txanda-batza ez dela ekintza puntual gisa ulertu behar, baizik eta herrialde ugaritan 
martxan jartzeko moduko lehendabiziko oinarrizko-plataforma, jendea eta beren iritzia gugana erakartzeko plangintza barruan. 

.-Txanda-batza hartara lagunak, ezagunak, sendikoak, interesdunak… gonbidatzen joan gaitezkeela eta honela gure proiektua zabaltzeaz gain herriaren (herritarren) iritzia batzen hasi. Bospasei gai nagusi jarriko genituzke mahai gainean eztabaidagai, gai bakoitzeko aurkezle ( eta gaia menderatzen duen inor) bana. Txanda-batza bakoitzean gaiak aldatuz joan litezke, edota garrantzitsuenak errepika litezkeelarik.
 Honela, urte pare baten ondoren gure txostenari gehikuntza ugari egin geniezaioke eta hurrengo urratsei (“adituak”, “jende kualifikatua”, gizarte erakundeak…) ekiteko beste abagune batean kokatuta geundeke.

Antolaketa eta asmoak

Pasa den astean taldeko antolakuntza batzarra izan gendun Bilbon. Hartutako apunte batzuk:

Zein helburutan finka gaitezke?

. Ideiak trukatu, orain arte egin ez dugun horiekin, solaskide berriekin (aurrekoak alboratu gabe).

. Zilegitasuna irabazi gure proposamenean, ideia horiekin elikatu eta gero.

Nor solaskide? Bi mutur dauzkagu, eta bitarteko aukera:

– Kide hurbilen harremana lantzen jarraitu, jauzi handiak egin baino lehen. Ideien trukeak eta zilegitasuna gurean bilatu, gertuko jendearekin. Adibidez, gure ezagunen sarean Taldea aurkeztu, edota gertuko intelektualen zerrenda bat egin eta ideien trukea proposatu.

– Ahal denik eta jende gehienera heldu proiektuaren aurkezpen zabal batekin, gure lan dokumentuen zirriborroei laguntzak eskatuz, prentsaurreko nazional batekin (gure inguruko adituen laguntzarekin). Gero, aldizkari nazionaletan (hik hasi, aizu…) eta lokaletan hedapena.

– Erakunde sozialen jende kualifikatuaren iradokizunak bilatu, desberdinei aurkeztu (adibidez, Joxemi Zumalabe fundazioaren zerrendakoei).

Kide hurbilen harremana lehenestea erabaki zen, aurkezpen nazionala oraingoz zokoratuz eta erakunde sozialen jende kualifikatua oraindik agendan jarri gabe.

Zein formatuari ekin ideiak jasotzeko?

. Txanda-batza (teatro-kafe edo world-cafe), bertsolari baten sarrerarekin eta ‘clownclusionista’ batekin amaiera. Agate Deunan. Deialdian gure taldearen laburpena eskaini eta metodoa azalduz.

. Beste workshop edo taller formatuak.

. Hamaiketako, Bertso afaria…

. Bilkura. Formatu eraginkorrago baten izan daiteke: aurkezleari bere gaiak euskal senarekin duen erlazioa aurretik lotu dezan eskatzea; hitzaldi laburra 7-10 minutu ingurukoa; eta elkarrizketari jo 15-20 minutuz. Beste formatua, betikoa: hitzaldi askeagoa 15-20 minutuz eta elkarrizketa 5-10 minutuz.

Txanda-batza aukeratu zen, Agate Deunan, hurrengo bilkurarako formatu gisa.

Gaiak berriztu ditzakegu?

Aurrekoekin lana utzi gabe, bitxikeria batzuk proposatu ziren:

. Umorea ez dugula esaten da; egia ala gezurra?

. Euskal sexualitatea…

Ideia gehigarria

Ez zen batzarrean azaldu, baina Gabriel Valinen ideia bat da, ea ondo azaltzen dudan:

. Bailara desberdinetan euskal sena islatzen duten garapen sareak eraikitzea bertoko ekimen eta eragile sozialekin (UEMAren bidez, adibidez).

Euskaldun izatearen mamiaren bihotzean

Euskaldun izatearen mamiaren bihotzean hazi zahar-zaharra, antzinakoa, oso, datza. 

Egun nekez uler dezakegu haren esangura sakona, gure aurrekoak bestelako dimentsio mota batean edo batzuetan bizi izan zirenaren lorratz sendoa. 

Haren txingarrak pizturik dirau patriarkatu gordin honen atzaparretatik iheska gorderik gure herri-azpikontzientzian, eta gugan, era berean.

Urrutiko argi tipi baten moduan dir-dir ari zaigu gure arnasa bere bila joateko asmoan eta bidean jar dezagun zain balego bezala.

Arbasoen legatua gugana heldu da eta berau gure egiteko erabakia hartzea guri soilik dagokigu. 

Badirudi hauxe izan daitekeela une egokia erabaki hori hartzeko, gure oharmenean antzinako deiak aldaba jo duela.

Beti egin izan dugun lez, zirkuluan eserita elkarrekin, zuhaitz, haitz, erreka… sakratu baten babespean batu al gintezke eta mintza, ele, abestu, dantzan egin, irrintzika aritu, txalapartaz lagundurik…  arnastu, ausnartu, bildu, lotu…askatu…? 

Behin haziaz jabeturik, hortik askatasunerako urratsa ñimiñoa da, hutsaren hurrena.

Xabi O.

Aberkide Kolonizatuak

Euskal Herrian bi aberkide mota daude: burua kolonizatua daukatenak, eta kolonizatu gabe daukatenak. Eta norbaitek hori lelokeria frogaezina dela esaten badizu, horrek lehen taldekoa dela frogatuko du.

Erraz aurkituko dituzu. Zuhurtasunaren eta objektibotasunaren zaldiaren gainean, euskal baloreak indartzeko esan dezakezun edozer mespretxatuko dute: “hori ez da horrela, honela da”, zeren “ez dago hori frogatzen duen artikulu zientifikorik”, eta abar. 

Kasu bat. ‘Lagun’ hitza talde handietara eta ezezagunen orokortasunetara aplikatzen diegunez, euskal senean euskaldunon anaitasuna islatzen bide duela esaten badiezu, zera erantzungo dizute: “ah zelako txorrada”, “hori ez dago inon argitaratua”, “orokortasunetan lagun eta kide berdin dira, anaitasunik gabekoak”.

Non dago beraiek botatako uste hori argitaratua? Inon. Baina lege objektibo eta saihestezinatzat botako dizute beraien ustea aurpegira.

Tristea da, sarri, euskaltzale militanteak direla ‘euskal baloreekiko ateo’ hauek. Prest egon daiteke euskalgintzari orduak eta energiak emateko. Baina kanpoko mespretxukeriek kolonizatua dute burua, ‘háblame en cristiano’ delakoaren logikaren parekoa.

Euskal Sena delako batasuna, euskal sena delako anaitasuna, euskal sena delako baikortasuna. Gure kultura burua ez delako ‘hori ez, hori ez’, inkonzienteki irentsi ditugun ikusmolde arrotzekin bat ez datorrelako. Gure jarrera delako, ‘hori ez’ uste badugu, zera proposatzea: ‘baliteke hori, bote-lasterrean etzait ba iruditzen, baina ea, kontsidera dezagun guztion artean’.

Atzerriko ikuspuntu hauetatik, bertoko irizpidea ukatzen dizuten horien zuhurtasunaren eta objektibotasunaren zaldien gainean agertuko zaizkizu, goitik behera pontifikatuz. Baina, euskal senaren irizpidearekiko, dortoka batzuen gainean datoz.

Edozein eztabaidetan aurkituko dituzu. Haitz- erroa lanabesen terminoetan presente egon daitekeela gogoratzen baduzu, zera erantzungo dizute, ‘aizkora latineko asciolatik datorrela frogatua dago’. Baina froga hori inoiz kontrastatu gabe. (Nik egin nuen, eta teoria hori frogarik gabeko uste galanta dela aurkitu nuen, dialektika-ring baten bizirik ateratzeko boleto gutxien daukana, gainera).

Ia parekoa den argudioa, askotan errepikatuko dizutena, honakoa da: ‘zuk diozun A hori ez dago inon argitaratua, benetan B da’. Eta non dago B argitaratua? Inon, baina hori ahaztu dute. Zergatik? Erraza delako korrontearekin hitz egitea, jakintsu objektiboaren ahotsa jarri eta listo, boronoak erridikuloan uzteko haina.

Berdin da. Sasi-jakintsu zientifiko eta objektibo hauek, pueblerino bezala tratatuko zaituzte, ‘lagun’ hitzaren sakona inoiz sentitu gabe. Aditz-taula akatsik gabe aplikatuz hitz egingo dizute, baina ahotan hainbeste darabilten Euskal Herria horren sena inoiz sentitu eta loratu gabe.

Poza hori barnean mantenduko dugu, euskal pueblerino borono ilusook. Hain objektibo hitz egiten duten horiek ikusiko dituzu gero, Euskal Jairen batetan, taloak (hots, boronoak) jaten eta txakolia edaten; ser euskaldun mola, que es lo nuestro. Baina baliteke guk boronook ez ikustea, hara ez garelako joan. Zera esaten digulako andrak, euskaldun bizitzea ez dela urtean behin bizi beharreko folklorada. Egunero dugun militantzia da, ez euskara hitz egiten soilik, euskal mundu-ikuskera arakatuz eta loratu nahi dugun barne aberria sentituz eta proposatuz ere.

Euskal Herri irudimenezko eta irudimentsu baten alde

“Zer da egia? Fernando Silvak kontaturiko gezur bat da egia.” Sekretu hori estalgabetu zigun Eduardo Galeanok: “baten batek entzuten du, demagun, klarinete hegaztia adar batean kantatzen, eta zera pentsatuko du: txori hori Fernando imitatzen ari da, Fernandok klarinete txoria imitatzen duenean”.

Hau gogoratu dut proiektu honen alde, eta ekarpenak egin eta egingo dituen jendearen alde. Ekimena, Euskal Herri trakets honetan hausnartua eta erditua delarik, eta behar beste ezagutua izatea lortzen badugu, herritar batzuek (eta kanpotar askok) nahi beste mespretxatua eta zokoratua izango delako.

Zelan lortzen ditu Fernando Silvak bere egia eta guzurraren arteko nahasketa egiaztatzaileak? Besterik gabe, “pasadizoak kontatzen ditu, mediku gisa lan egin bitartean… Ukituz sendatzen baitu. Eta kontatuz, ukitzeko beste modu bat dena.”

Hemen plazaratuak badu gezur alde bat. Baina hori ez da kezkagarria, sendabide xedearekin bait datorkigu. ‘Pasadizoak’ kontatzen dira, bai. Baina pasadizo horiek gorpuztua errealitatean presente bada, nahiz nahasmenean izan, eta senda-belar badugu Fernando Silvaren lanabesak bezala, ospakizun eguna izango dugu.

Hemengo ‘sucedido’ak, beraz, ez dira gutxiestekoak. Fikzio hutsak diren artelanek ere, Milan Kunderak esan zuen bezala, “ezagutzeko eta errealitatearen alderdi hau ala hori harrapatzeko asmoa dute”

Zehazkiago, zera zioen Milan Kunderak: “Betidanik gorroto izan ditut, sakon, bortizki, artelan batean jarrera bat (politiko, filosofiko, erlijioso, etab.) aurkitu nahi dutenak, bertan ezagutzeko asmoa bilatu beharrean” (Kundera, 2009, p. 37). Ekimen honetan jarrera hori aurkitu nahi duenak erraza izango du, ez baitira balizkoak ezkutatzen. Euskal Herria herri bat dela onartzen da nahiz eta, harrigarria bada ere, batzuek hori ere ukatzen dioten. Asmoa herritartasun hori ulertzea da, eta sustatzea ere, senda-belar izan nahi duen arte-lan baten bidez.

Euskal Herri imaginario baten alde aritzea, Santi Leonék zioen bezala, ezinbestekoa delako. Herri guztiek onartzen baitituzte tipo idealak beraien burua definitzeko. Eta ondo egina, tipo idealak ezagutza sozialaren adreiluak direlako, Max Weberrek (1904) zioen bezala. Eta Euskal Herriak hori du eskubide ere: bere irudi eta imaginario propioak, milurte honen hasieran, berdefinitzea.

Euskal imaginarioaren sorkuntzan eta azterketan, gaur egun, landa lanen dibertsifikazioa eta akademizazioa nagusi da (Zulaika, 1996, 8. kapitulua bereziki). Baina, hala ere, ez da ohikoa hemen saiatzen dugun ariketa: eragile sozialek beraien izate sozialari buruz egindako hausnarketa erreflexiboa, zientziari -era irrealean- suposatzen zaion neutraltasunetik at.

Fikzioa bai, beraz, edozein errealitatearen ezagupena bezala. Eta, egiazki, fikzioa ezinbestekoa delako herri bati buruzko zientzian, Joseba berak aitortu legez (Zulaika, 1996, 10. kapitulua). Errealitatearen aldagaiak lekutu ezinak direlako, eta edozein adimen eraikuntza, zientzia ekoizpenak barne, horiek direlako, eraikuntzak. Ikuspuntu batetik, konplexutasun enpirikoan diluiturik dauden tipo idealak; beste ikuspuntutik, aldiz, fikziozko artelan egokiak.

Egi bakarra, afera honetan, Humpty Dumptyk zioena zelako (Carroll, 1872, p. 72):
– Hitz bat erabiltzen dudanean -esan zuen Humpty-Dumptyk tonu zirikatzaileaz-, aukeratzen dudana esan nahi dut, ez gehiago, ezta gutxiago ere.
– Arazoa da -esan zuen Alicek- hitzek hainbeste gauza desberdin esatea lor daitekeen.
– Arazoa da -esan zuen Humpty Dumptyk-, agintzen duena nor den jakitea. Hori da dena.

Aipu-iturriak:

Galeano, E. (2003). El libro de los abrazos. Madrid: Siglo XXI.

Kundera, M. (2009). Los testamentos traicionados. Barcelona: Tusquets.

Weber, M. (1904/1949). Objectivity in social science and social policy. In E. A. Shils, & H. A. Finch (Eds.), The methodology of the social sciences (pp. 49-112). New York: Free Press.

Zulaika, J. (1996). Del cromañón al carnaval: Los vascos como museo antropológico. San Sebastián: Erein.

Bizi une berria

Bizi-une berria jaso dugu, taldekide bati esker:

Azaroaren hasieran, gaztain-jana edo gaztain afari herrikoia. Baserrian ospatzen zen, auzolanean gaztainak bildurik eta gauean afari-merienda gisan erreta, danbolinean, dantzan eta bertsotan bukaturik. Urte oparoaren bukaera adierazten zuen, bizitza ziklo berriaren aurrean, hots, AmaLurrari elikagaiengatik  eskerrak emateko keinua izaten zen: “Elur Melur , ez nauk hire beldur etxian badiagu nahiko arto, (gaztain) eta egur”.

2 orrialdetik 2

Sustatzailea: WordPress & Itxura egilea: Anders Norén