Berriki Iñaki Egañak James O’Connell eta Kristen Hawkesen tesi iradokitzailea gogorarazi digu, halako ‘amonaren hipotesia’. Zera da giza espeziea emeak ugalkortasuna eten eta denbora luzez bizi diren bost ugaztun espezieetako bat dela (lau bale espezierekin bat eginik). Beste ugaztunengan, emeak ugalkorrak dira hil arte. Termino darwinistetan, emankorrak ez direnak gutxiago ugalduko dira, beraz, espezieak ugalezinak diren norbanakoak saihesten dituen genetikara eboluzionatzea da aurreikustekoa. Alta, ez da horrela:
amonek funtsezko eginkizuna dute giza eboluzioan.
Baina, euskal senatik honela itzuli genezake hipotesia:
Paleolitikotik hasita klanetan amonek, eta gerora sendi edo familia zabaletan etxekoandreek, hil ala bizikoak dira jendarteak mantendu eta sustatzeko.
Ez al du honek emakume ekintzaile eta errespetatuen (eta helduan) komunalismoa argudiatzen? Euskal ABK+ZM egitura sozio-ekonomiakoan etxekoandrea gehiago nabarmentzeko arrazoi sendoa dirudi, feminismo komunalista eta matristari airea emanez.
Kategoria: Sailkatu gabe 2 orrialdetik 1
Uztailak 3an, Apatamonaterio-Atxondoko Gazteleku jatetxean.
Euskal Sena 4. Bilkura
9:30 Harrera. 9:45-11:00 Adituak. 11:00-12:30 Mahaietan elkarrizketak. 12:30-13:00 Atsedena eta zizka-mizka. 13:00-14:00 Mahaietan elkarrizketak. 14:00-14:45 Osoko Bilkura. 14:45 Agurra. Eta nahi dutenentzat 15:00 Bazkaria (12 euro inguru) 16:30 Amaren Sua Dokumentala eta elkarrizketa. 18:30 Taldearen erabakiak ta agurra.
Hutsaren aurkakoa, funtsa eta putza.
Erantziren aurkakoa, erantsi.
Ezaren aurka, hezi.
Sarturen aurka, hartu.
Baina ezin hartu inondik ezer, aurretik zerbait sartua izan ez bada.
Ezin hezi, zerbaiten eza azaleratu gabe.
Ezin erantsi zerbaiti ezer, aurretik justuki eransten den hori erantzia ez badu.
Ezin funtsa bat horren hutsaren gainean ez bada, eta funts baten putzak bere hutsa dakarkigu berriz ere.
Sar-Har, Eza-Hezi, Erantzi-Erantsi, Huts-Funts. Hitz berdinak, letra bakar baten bandaz, antonimo erabateko bilakatzen dira.
Betiko zalantza: kasualitatea? Planetako mundu-ikuskera desberdinetan esistentzia ‘aurkakoen joko’ delakoaren gainean eraikitzen dela onartzen da. Horren espresio nagusiak, hinduismoaren yoni-lingam´a, tubitar vajrayanako dakini bodhisattva´k, taoismoko yin-yang´a, txamanismoetako emakumezko-gizonezko, egiptiarren negatibo-positiboa, eta abar.
Akaso gure arbasoek, beraien hizkuntzaren maitale sutsuak izanik, hizkuntzan bertan txertatu zuten ‘aurkakoen jokoa’.
Eta erantsi zizkioten pare hauek euskarari, gizaldi eta milurteen barna guk nola erantzi asmatuko dugunaren itxaropenaz.
Igor Kaltzadarekin (Post-independentzia´ren egilearekin) nenbillen hizketan, aire zaharrak zituen Torinoko kafe hartan. Abertzaletasunaz, nolatan ez. Nik ikuspegi identitario-mitiko bat mahai gaineratzen: Historia, nortasunaren gakoak, mundu-ikuskera, identitatea… Berak etengabe: “hori ez da bakarrik gurean gertatzen, beste herri honetan ere bada”; “hori ere ez da gure esklusiboa, leku hartan ere bada”.
Azkenean, nik etena: “ezertan ez bagara ezberdin, zertarako nahi dugu independentzia?”
Joxe Arregirekin elkar-trukeak ekarri dit gogora elkarrizketa ha. Berak: “Ez dakit ‘euskal sena’ zenbatera den kultura indigenekiko desberdin”.
Nik: “Den-dena, eta ezer ere ez. Kultura guztiek dituztelako konposagai berdinak (eta horrek egiten ditu giza-kultura), baina horietan neurri desberdinak (eta horrek egiten ditu besteen arteko kultura zehatza)”. Azken batetan, sakonera amankomuna da guztien artean.
Eta Lainobeltz eta Theklan wikilariekin izandako wikipediako Euskal Sena artikuluaren eztabaidak nakar hauetara.
Nere ondorioa: “ematen du azken aldian identitarioa den edozerren gainean diskurtso bat montatzea politikoki ez-zuzena egin dugula, euskaldunak bereziak zirela uste zutenaren garaia ahal denik eta azkarren utzi nahi dugula atzean.
Baina gero, belaunaldi berriak euskalduntasunaz pasotismo itzelak erakusten dituenean, orduan bai, aieneak eta arrangurak. Ba erein dugun haziaren uzta besterik etzait iruditzen”.
Identitateari eta desberdinak sentitzeari bildurra kolonizatzaileek garunean sartzen duten mamua denean, gainera. Estatua baduenak ahantz dezake bere identitatea, hor lasaiean. Baina, ezer baino gehiago, zuk zurea ahantz dezazula nahi du.
Ekida(.eus) ekimenaren aurkezpenean egon nintzen atzo, Gernikan. Gozoa da gazteak tankera hauetako proposamenetan sartuak ikustea. Eta poteo orduetan aretoa mukuru, hori bai atsegina.
Kultura eta artea ikuspegi sozialista batetik mamitua egon daitezen sustatu nahi dute Ekidan. Txalotzekoa. Eta ekarpen deigarri batekin: kultura proletarioa kapitalismoko munduikuskera barruan dagoela diote, beraz, kultura eta artea sozialistak izateko munduikuskera sozialista batetatik sortuak izan daitezen bilatu behar da (beraz, kultura proletarioaren ‘kapitalismotasuna’ gainditu beharko litzateke).
Ondo, Ekida. Baina, barkatu.
Natura ezesten duten kultura eta artea ezin daitezke osoak eta beteak izan. Kultura, inguruneko natura eta gure natura ulertzea eta espresatzea delako. Eta artea, funtsean, naturako gaiekin naturan diluitzen garan moduak espresatzea delako. Kultura eta artea, osoak eta beteak izateko, natura askatasun osoz behar dute ulertu… Eta bizi.
Eta Ekidakoek nazioa edo herria inoiz ez dela kulturaren iturri; hori diote. Kultura proletarioa, goi klasekoa eta ertain klasekoa esistitzen direla bakarrik; baina ez herri honen edo bestearen kulturak.
Ba, dasentit, baina… Gure naturaren bi iturri nagusietatik bat ukatzen dugun heinean, akabo askatasuna, kultura eta artea.
Kulturaren nazio edo herri iturria ez onartzea naturaz kanpo dago. Diozue kultura desberdinen artean jende gisa batzen gaituena onartzea ezinbestekoa dela, eta ados, gure agendan dago eta egon behar. Baina planeta honetako kulturak, oro har, herri kulturak direla ez ikustea gabezi handia da. Naturaren kontrakoa, eta, beraz, kulturaren eta artearen aurkakoa. Historia bera ukatzen duzu, Jendea eta Gizakia bera, Antropologia bera, eta Soziologia ez unibertsalista guztiak.
Adibide erakargarria erabili zuen aurkezleak. Berak, Zarautzkoa izanik, Berlineko gazte batekin gehiago duela amankomunean, Zumaian bizi den Petronorreko bururarekin baino. Egia. Klasea, kultur iturri gisa, ezin uka. Eta herri kulturak esistitzen direla ahaztu dezakezu, Berlineko gazte horrekin garagardotan, edo dantzan, edo larrua jotzen duzun lehen gauetan.
Baina, lasai, elkarbizitza luzea egiten baduzu, ziur asko, laster ala berandu ohartuko zara zenbait aldeetaz. Bai, bera alemana, da, eta zu, nahiz eta ordurarte askorik ez onartu, ba bai, onerako eta txarrerako, euskalduna zara…
Eta akaso ez duzu hainbeste itxaron beharko. Ai lagun, larru jotze soil batean ere antzeman zenezake kultur desberdineko maitaleak zein desberdinak diren kilikatze aurrekarietan, jo ta ke prozesuan, eta baita ere (nahiz eta, akaso, emakumeok eta gizonok berdintsuen garen unea izan) gallur betean…
Sortzaile izateko askatasun osoa behar da, mugarik gabekoa. Ezin da mundua interpretatu begietan oihala dugula.
Baina hona nire ekarpenaren funtsa. Zuen herriko kultura behar beste ez baloratzeagatik, akaso galtzen ari duzue zuen helburu nagusia, hots, kultura eta artea mundu-ikuskera sozialistakoak izatea, mundu-ikuskera kapitalistatik kanpokoak.
Euskara, ez ahaztu, aurrekapitalista delako. Euskal mitologia, ez ahaztu, aurrekapitalista delako. Bertoko eta berezko zenbait antolaketa sozioekonomiko, aurrekapitalistak direlako. Eta dantzak egiteko modua ere, esate baterako.
Euskarak, euskal mitologiak, zenbait euskal antolaketa sozioekonomiko, eta zenbait espresio kultural euskaldun, euskal dantzak barne, milurte ez-kapitalistetan jende ez-kapitalistak izan dituen mundu-ikuskera eta jokabide ez-kapitalistak erregistratu ditu. Zenbait gakoetan. Hor daudenak, sozialista izan nahi duen edonorentzat, eskuragarri (esfortzu batekin eta jarrera irekiaz, hori bai).
Zuek, zuen kultura eta arte sozialista eta ez kapitalistaren ekimenean, gogoeta gisa hartuak izateko zai.
Gero, jarraitu zuen asmoa eta bidea. Ikusi nola herri honetan azpimarratu ditugun gako sozialista-natural eta a-kapitalistak beste herrien kulturetako zenbait aldeetan ere presente egon daitezkeen. Sustatu horiek hemen, sustatu han. Kulturak ez direlako osagaietan desberdintzen, enfasietan baizik, eta kultur arteko iraultza hori zai dugulako.
Hor duzue adibide apala. Kultur artean nik zuri eman, zuk har; zuk niri eman, nik har. Har-eman, harremana. Harremana, bai. Jendearen naturan ez dagoelako kapitalismoaren erlazio lapurra, har-eman berdinkoia baizik. Euskarak diotzue.
Orduan izango zarete oihalik gabeko sozialistak eta internazionalistak. Kultura eta arte beteak lortzeko gaitasun osoz josiak. Artea egiteko prest, bai, ohean ere, har-eman naturaletan, eta ez erlazio soiletan.
Kultura askok beren herriek ‘sen’ edo ‘instinto kultural’ bat dutela aipatzen dute. Hala da finlandiarren Sisu edo ‘barne erresilientzia’, korearren Han edo ‘sufrimenduaren edertasuna’, katalanen Seny edo ‘epai ona’, eta nubioen Anakato edo ‘abegi integraleko gure etxea’. Euskal Herrian Euskal Sena’ri buruz hitz egin da ere (Latxaga, Mokoroa…) baina gehiegi zehaztu gabe, euskal nortasunaren alde desberdinekin parekatuz.
Eragile multzoa, gehiengoa mogimendu eta akzio sozialetan ibilitakoa, Euskal Sena hori zehazteko bildu ginen 2018ko amaieran. Hainbat material plazaratu ditugu (euskalsena.eus´en eskuragarri) eta hauek dira funtsezko ideiak.
Euskal Sena ‘berezko adiera’ gisa defini daiteke, ‘gauzak diren bezala pertzibitzeko eta ulertzeko era’ gisa. Halako ‘insight epistemiko’ bat litzateke.
Euskal Sena gure historiako sistema sozioekonomikoak islatzen du: Auzolanak, Batzarreak, Komunalak edo Herri Jabegoak, eta Zuzenbide Piriniarraren demokrazia zuzena (ABKZP sistema).
Historiaren zehar Euskal Sena euskaran fosilizatu zen, eta hori dugu gaur bere euskarri eta eragile nagusi: harr-eman, -ok biltzailea, zenbakitzaileak (bera, zu eta hirurok), aglutinazioaren bidezko SOV egitura, eta abar luze bat.
Gizarte egituretan aztarnak gelditzen dira ere: Auñamendietako antolaketa sozial zirkularrak (Sales Vera), rol aldaketen bidezko lana (Sandra Ott)…
Azkenik, beste agerpen kulturaletan islatzen da: euskal dantzen borobiltasunaren printzipioa (Urbeltz), etabar.
Inplikaturiko aldeak proposatu dira ere: burujabetasuna begirunean finkatzea (Malato zuhaitzan ikurra duena), naturalismoa hierarkiarik gabekoa (Euskal mitologian), euskalsenduna izatea (Historian zehar eta etorkizunerako), etb.
Horretan lan egiten hasi ginenean honakoaz ohartu nintzan. Euskal Senari buruz ezer gutxi egin dugula orain arte, baina erakargarritasun itzela duen kontzeptua dela: guztiek nahi dute bere ustea agerraraztea. Politena izan da, azkenik, saski honetako proposamen guztiei zuku amankomuna ateratzea. Eta harritu ninduen beste gauza bat, bildu den jendea zein sortzailea eta interesgarria den.
Gure asmoa da bola hau martxan jartzea, egungo eragileek eta geroko belaunaldiek irizten dutena erantsi ala erantzi dezaten.
Gure gizartean, onerako eta txarrerako, ikuspuntuen sustatzailea zen ETAren amaiera eta gero, abertzaletasuna konorterik gabe gelditu zen, eta pizgarria izan da Nafar Estatuaren aldarrikapena bazterrak nahastera etorria dela. Baina nik talde honetan beste abertzaletasun eredu alternatibo bat dakusat: etorkizunaren aurrean, ia galdua dugun Euskal Komunalismoaren aldarrikapen prefiguratiboa.
Gure aitzin-komunalismoa izan zena, gure betiereko-komunalismoa izan dena, eta XXI. menderarte Europako ingurunean aztarna nabarmenak utzi dituen komunalismoa, berreskuratzea eta etorkizunerako eredu sozial gisa proposatzea. Tresna espezifikoekin, batez ere euskaran oinarrituak, hura sustatzeko.
Flipatzen, ezta? Ba irentsi zank tour de force! Europa mailan ere indigenismoan oinarrituriko eredu sozial alternatiboak proposatu eta proposatzen ari dira: ez hain ‘politikoak’, baina bai ‘kulturalak’, eta aitzinatasunean eta gizabidearen bihotz oneko aldean oinarrituak. Aipa daitezke, besteak beste, Andere alternatiba (Josu Naberanen proposatua), Aborijenen Internatzionala (Jakue Pascualek bultzatua) ala Suarra (de mano de Guillermo Piqueroren eskutik)
“Euskal senaren ezaugarriak aurki daitezke beste kultura batzuetan ere?” galdetu didate.
Herri guztiek islatzen dituzte, gutxi gorabehera, gizateriaren konstante kultural desberdinak. Kultura bakoitza desberdintzen da, zehatzago, ezaugarri orokor horietan nabarmentzen duenaren bidez.
Ideia hau Hegelen arakatu daiteke eta, gure artean, Hartsuagan aurkitu daiteke.
“Nago [proposatzen duzuen] euskal sena ez ote den euskal zena. Iragan idealizatua.” Diost lagun batek.
Eta bai, hala da. Euskaldunen tipo ideal weberiano gisa hartu daiteke.
Gure Oinarrizko Dokumentuan tipo ideal weberiano horren aldeko argudio anitz aurkituko dituzu.
Autobidea barik, auzobidea.
Autodefentsa barik, auzodefentsa.
Autodeterminazioa barik, auzodeterminazioa.
Autodidakta barik, auzodidakta.
Autogestioa barik, auzogestioa.
Autokontrola barik, auzokontrola.
Automatizatu barik, auzomatizatu.
Autonomia barik, auzonomia.
Autoritarismoa barik, eta auzoritarismoa barik.
Bestela, laster egingo dute
auzopsia.
(Auto vs Auzo, Galder Guenagarena -zuzenketaren batekin)
Auzolana dugu Euskal Senako sistema sozioekonomikoaren lehen funtsa (ABKZP sisteman). Estatalismoak, hots, eusko jaurlaritzak, auzolan popularraren zentzua lapurtu eta degeneratu du berriki. Horra hor zer dioen Andoni Egañak: “Inoiz faltako ez dena da auzolanaren aipamena. Entzun berri dut Osasun Kontseilariaren ahotan. Auzolanari esker omen gabiltza itxurantzean. Eta niri, hitzaren gehiegizko erabilpenak ematen dit min. Dena auzolan denean ezer ez baita auzolan. Zerbait edukiko itxurazkoa eta hori ere indargabetu egin behar al dugu?” (https://www.berria.eus/paperekoa/1881/017/001/2020-12-30/harremanak.htm)
Estatalismoen aurka, Biltzarrek proposatu zigun Auzolanetik Naziolanera.
Bidean gara!
Nire nazioak 3 eskualde lehendakari, 2 estatu presidente eta, hiru lurralde horietako bitan, errege bat omen du.
Nire gizatasunaren herenetako bat ere ez da errege horren menpeko. Zu, jaiotza une bertatik, mendeko sentitzen hasten zara, subditu leial. Eta horrela bizi zara ordudanik. Kalean, aire zabalean, mendekoa zara.
Ez da nere kasua. Giltzapetuta, kateatuta, ahoa metalezko grapekin itxita, nire herenetako bi ere ez lirateke mendeko izango. Nire euskal gogoak bidea jarraituko lukeelako, ez-mendeko, osokoa eta askea.
Hormaren kontra, nire gorputza balaz josia, adimena hilko zitzaidan. Baina gure gogo nazionalaren isla zehatz bat bakarrik hilko litzateke. Herri gogo hori ez-mendekoa eta askea baita, betirako.
Ni bezalako beste euskaldunengan forma hartzen jarraituko luke, eta datozenengan berriro jaioko litzateke. Nire gogoa Euskal Sena delako.