“Zer da egia? Fernando Silvak kontaturiko gezur bat da egia.” Sekretu hori estalgabetu zigun Eduardo Galeanok: “baten batek entzuten du, demagun, klarinete hegaztia adar batean kantatzen, eta zera pentsatuko du: txori hori Fernando imitatzen ari da, Fernandok klarinete txoria imitatzen duenean”.
Hau gogoratu dut proiektu honen alde, eta ekarpenak egin eta egingo dituen jendearen alde. Ekimena, Euskal Herri trakets honetan hausnartua eta erditua delarik, eta behar beste ezagutua izatea lortzen badugu, herritar batzuek (eta kanpotar askok) nahi beste mespretxatua eta zokoratua izango delako.
Zelan lortzen ditu Fernando Silvak bere egia eta guzurraren arteko nahasketa egiaztatzaileak? Besterik gabe, “pasadizoak kontatzen ditu, mediku gisa lan egin bitartean… Ukituz sendatzen baitu. Eta kontatuz, ukitzeko beste modu bat dena.”
Hemen plazaratuak badu gezur alde bat. Baina hori ez da kezkagarria, sendabide xedearekin bait datorkigu. ‘Pasadizoak’ kontatzen dira, bai. Baina pasadizo horiek gorpuztua errealitatean presente bada, nahiz nahasmenean izan, eta senda-belar badugu Fernando Silvaren lanabesak bezala, ospakizun eguna izango dugu.
Hemengo ‘sucedido’ak, beraz, ez dira gutxiestekoak. Fikzio hutsak diren artelanek ere, Milan Kunderak esan zuen bezala, “ezagutzeko eta errealitatearen alderdi hau ala hori harrapatzeko asmoa dute”
Zehazkiago, zera zioen Milan Kunderak: “Betidanik gorroto izan ditut, sakon, bortizki, artelan batean jarrera bat (politiko, filosofiko, erlijioso, etab.) aurkitu nahi dutenak, bertan ezagutzeko asmoa bilatu beharrean” (Kundera, 2009, p. 37). Ekimen honetan jarrera hori aurkitu nahi duenak erraza izango du, ez baitira balizkoak ezkutatzen. Euskal Herria herri bat dela onartzen da nahiz eta, harrigarria bada ere, batzuek hori ere ukatzen dioten. Asmoa herritartasun hori ulertzea da, eta sustatzea ere, senda-belar izan nahi duen arte-lan baten bidez.
Euskal Herri imaginario baten alde aritzea, Santi Leonék zioen bezala, ezinbestekoa delako. Herri guztiek onartzen baitituzte tipo idealak beraien burua definitzeko. Eta ondo egina, tipo idealak ezagutza sozialaren adreiluak direlako, Max Weberrek (1904) zioen bezala. Eta Euskal Herriak hori du eskubide ere: bere irudi eta imaginario propioak, milurte honen hasieran, berdefinitzea.
Euskal imaginarioaren sorkuntzan eta azterketan, gaur egun, landa lanen dibertsifikazioa eta akademizazioa nagusi da (Zulaika, 1996, 8. kapitulua bereziki). Baina, hala ere, ez da ohikoa hemen saiatzen dugun ariketa: eragile sozialek beraien izate sozialari buruz egindako hausnarketa erreflexiboa, zientziari -era irrealean- suposatzen zaion neutraltasunetik at.
Fikzioa bai, beraz, edozein errealitatearen ezagupena bezala. Eta, egiazki, fikzioa ezinbestekoa delako herri bati buruzko zientzian, Joseba berak aitortu legez (Zulaika, 1996, 10. kapitulua). Errealitatearen aldagaiak lekutu ezinak direlako, eta edozein adimen eraikuntza, zientzia ekoizpenak barne, horiek direlako, eraikuntzak. Ikuspuntu batetik, konplexutasun enpirikoan diluiturik dauden tipo idealak; beste ikuspuntutik, aldiz, fikziozko artelan egokiak.
Egi bakarra, afera honetan, Humpty Dumptyk zioena zelako (Carroll, 1872, p. 72):
– Hitz bat erabiltzen dudanean -esan zuen Humpty-Dumptyk tonu zirikatzaileaz-, aukeratzen dudana esan nahi dut, ez gehiago, ezta gutxiago ere.
– Arazoa da -esan zuen Alicek- hitzek hainbeste gauza desberdin esatea lor daitekeen.
– Arazoa da -esan zuen Humpty Dumptyk-, agintzen duena nor den jakitea. Hori da dena.
Aipu-iturriak:
Galeano, E.
(2003). El libro de los abrazos. Madrid: Siglo XXI.
Kundera, M.
(2009). Los testamentos traicionados. Barcelona: Tusquets.
Weber, M. (1904/1949). Objectivity in social science and social policy. In E. A. Shils, & H. A. Finch (Eds.), The methodology of the social sciences (pp. 49-112). New York: Free Press.
Zulaika, J. (1996). Del cromañón al carnaval: Los vascos
como museo antropológico. San Sebastián: Erein.