Euskal Sena gure herri izaera da, euskaldunon izaera, berezko instintu gisa dariguna erraietatik.
Ez du Natura eta beste pertsonak menderatzeko lehiatzen. Ez du emakume edo emakumezkoen menpekotasuna bilatzen. Ez ditu esklabo adimenak sortzen, ezta esklabo herriak ere.
Erabat desberdina da.
Euskal Senak Bizitza zaintzen du, eta Lurrari atxikitzen gaitu. Ikuspuntu matrista edo matrilineala ardatz duela, Naturaren amatasuna eta feminitatea islatzen ditu, bizitzaren alderdi zaintzailea dena.
Euskal Senak norbanakoari Burujabe bezala auto-eraiki dadin laguntzen dio, hots, buruaren jabe, baina besteekiko begirunez eta zaintzaz. Gerlariaren eta esklaboen logikaren aurka.
Euskal Senak, horrela, Euskal Herriari Burujabe auto-eraikitzen laguntzen dio, buruaren jabe eta beste herriekiko begirunez, hori izan delarik, hain zuzen, atzerriko estatuen zapalkuntza azpian mendeen zehar bizirik irautea ahalbidetu diona. Estatu gerlarien eta herri esklabu estatugabekoen logikaren aurka.
Euskal Sena edozein menpetasun sistema pertsonaletik edo kolektibotik kanpo, edo bere eraginik gabe, bizitzea da, gaur egungo sistema kapitalistaren eta bere estatu zapaltzaileen kasuetan bezala.
Euskal Sena euskal Gizabidea edo humanismoaren izaera da. Soiltasunaren balioa, hitzarena, taldea behatzearena.
Euskal Sena espainolen eta frantsesen aurretik bazen, godoen eta frankoen aurretik, erromatarren eta zeltiarren aurretik ere. Indoeuropar guzti horien aurretik. Baina izaten jarraitu zuen, testuinguru historiko bakoitzera egokiturik. Bere aukera noiz itzuliko zai eta adi.
Euskal Senak, euskaldunen modura, kultur zanpatzaile eta patriarkal horiek zapuztu duten jendartearen aldea aldarrikatzen du, etengabe saiatzen dena entzuna izaten.
Antzinako zerizana ezagutu eta berreskuratzea dugu, baina garai berrietara nola moldatzen denari adi. Hori dugu erronka.
Arrainek ez dute bizileku duten ura ikusten, eta euskaldunek ez dute bizigai duten Euskal Sena ikusten.
Ez dira horren jakitun. Ez gara horren jakitun.
Memoria hau lapurtu eta hil digutelako. Inkisizioaren erreketak katebegi latza izan ziren horretan. Ez zituztelako ‘zenbait sorgin hil’. Gure Euskal Senaren transmisio katea mozten hasi zuten, hori mantentzen eta ugaltzen zuten emakume jakintsuen ahotsa moztuz.
Ondorengo zapalkuntzak ez dira txikiagoak izan. Eta, gaur egun, gure alderdi natural hau zapaltzen dutenak, jakin gabe, gu geu gara.
Baina Euskal Sena euskal inkontziente kolektiboan fosilizaturik mantendu zen.
Eta, horregatik, bere bidez bizi gara, jakin gabe.
Konzienteagoa egin nahi dugu. Hori haragia bihurtzen zutenen arnas bera arnasten dugula jakin eta sentitu.
Gizarte modernoa bakardadean hiltzen delako. Baina Euskal Senak zoriontsu egiten gaituen talde eta kolektiboetan txertatzen gaitu, eta gure alde atseginenarekin konektatzen gaitu.
Euskeraz hitz egitean, gordetzen duen Euskal Sena gorpuzteak eta berbizitzeak gogobetetzen nau.
Amalur benetan zer den eta zer garen ulertzeak, osotasunaren eta zure parte naizena sentitzeak, betetzen nau, Euskal Sena ez baita kontzeptu hutsa.
Jakin badakit zer gertatzen zaigun benetan, poteatzen edo bazkalondoan gabiltzalarik barre egiten dugunean, edo mendira igotzen garenean, edo makil dantza dantzatzen dugunean, edo Ator ator abesten dugunean.
Barruan daridan esne eta eztizko urmaela da Euskal Sena, lasaia eta gozoa, so egin diezaiodan eta sentitu dezadan zai.
Biharko ondorengoak bizitzen ditut nire baitan, atzoko arbasoak berbizitzen ikasi dudalako, eta betea sentitzen naiz lotura gisa.
Gizakiaren alderdi sinpleenaren eta primitiboenaren euskal forma besterik ez da Euskal Sena. Gugan dugun ahaltsuena eta sortzaileena. Giza alderdi hori ez da hilko gizakiak bizi artean; gizakiek dirauten bitartean, gizakien sena izango da. Baina bere euskal forma hil egingo da euskaldunok zaintzeari eta berbizitzeari uzten badiegu.
Egiazko euskaldun diraugun bitartean, Euskal Sena izango dugu. Eta Euskal Senan izango gara euskaldun.
Zatozte, zatozte, neskak eta mutilak, etxera, zatozte Euskal Senara.
Euskal Senak ez baitizu ezer esaten, ez bada Euskalduna naiz eta harro nago!
urtzi
Argazki ederra, senak baina ez dauka sexurik. Batena zein bestearena ezberdina izatean guztiz osagarri baino.
Euskaldunon izaera eta nortasuna bera da, beraz, sena.
Beste elkarte bat sortzea bidezkoa da, baina ez zuzena, ENA egonda: 22 urtez euskalduntasuna, euskaltzaletasuna, euskaltasuna, lurraldetasuna, baskotasuna, nafartasuna, abertzaletasuna… historiaz, instintuz eta intuizioz ere.
Hala ere zenbait buru hainbat aburu. Aupa! sen guztiak. Euskaraz dena behar da eta!
20an ahal ba da egon, egongo naiz. Eta Durangorako aurreikusten den kongresuan ere.
Xabier Renteria-Uriarte
“Argazki ederra, senak baina ez dauka sexurik”. Ez dut ulertzen, barka…
Xabier Renteria-Uriarte
“20an ahal ba da egon, egongo naiz. Eta Durangorako aurreikusten den kongresuan ere.” Eskerrik asko! Zenbat buru, hainbat aburu; baina zenbat eta buru gehiago proiektu hau aurrera eramateko, hobe!