Burujabetza eta Askatasun guraria, saihestezina

Burujabetza eta Askatasuna euskal balore oso sustraituak direla gutxi arrazoitu behar da. Oraindik gordetzen ditugu sakonean. Eta orainarte ikusitakoak norbanakoaren mailan erakusten du. Obanoseko zaldunek esan bezala: Herriaren askatasunarengatik, gizaki askeak izan gaitezen (‘Pro libertate patria gens libera state’).

Herri mailan, gu hemen irauteak frogatzen du. Eta hauek munduikuskeran oso errotuak daudela baieztatzeko, mitologia dugu berriz ere ispilu. Marik eta beste irudi mitikoek ez diete norbanakoei beraien borondateak erabakitzen edo eragiten, askatasun eta erabakimen osoa uzten diete. Jainko grekoek egiten duten juxtuki aurkakoa, hauek gizakiak eta beraien borondateak txotxongilo gisa mogitzen baitituzte.

Auzolankideen (hots, testu hau burutu dutenen) arabera, euskal burujabetzaren eta askatasunaren kontzeptuak ez dira indoeuroparren ‘libertateak’ bezalalakoak. Hauek besteen borondatea zapaltzeraino eraman dira sarri, ‘besteen gaineko boterea izateko libertate’ batetara. Hau ez da gure kasua. Burujabetza begirunearekin lotzen da, gizabidearekin. Gizabidea giza espeziearen zerizana da, begirunearekin eta besteen duintasuna onartzearekin oso loturik dakusaguna. Geurok asmatu eta geurok irentsi zioen esaera zahar batek, ‘guk sortua gure erantzunkizuna da’, ala ‘ez iñori zuk egindakoa bota’.

Testuinguru honetan, euskaldunak Ekimenari eta Menpekotasunik gabeko lanari garrantzia handia ematen die. Esku- aurrizkia ia 200 hitzetan dihardu, ekintzailetzak hartzen duen kultur lehentasuna erakutsiz. Hasiak egina dirudi, dio esaera zaharrak. “Euskaldunak badaki aldapa bera joan ezkero, ia beti ez dela ezertxore irabazten. Ekin jo ta ke, aldapa gora joan ezkero urbillago egiten zaizkio gauzak” (Latxaga, 1999, orr. 37). Auzolankideek mitologian eta hizkuntzan ikusi dute ere: bizitza harilkatzea bizitzan aritzea da, Marik bere goruarekin erakutsi bezala.

Egun sistema horren hainbat aztarna mantentzen dira, eta ekimen berriztaileak ematen dira ere: auzolanetan, batzarretan, herrijabegoetan… Eta beste batzuk berreskuratzen ari dira, orain hamarkada batzuk ihauteriak berreskuratu ziren bezalaxe (atsolorra, gazte dantzak…) Bestalde, gure herriak ekimen kolektiboetan erakusten duen indarra antzinako sistema horren oinordetza posibilista kontsidera daiteke ere (Ikastolen mugimendua, Korrika, Herri Urrats…).

Batzuek oraindik uste dute geurean auzolanak, komunalak, kooperatibismoa ala generoen artean hemen dugun egoera berdinkoiagoa kasualitateak direla. Barkatu, baina ez. Bada ordua atzera begiratzeko, hizkuntza hain sentikorra, munduikuskera hain sakona, eta demokrazia hain naturala sortu zutenei. Herri gisa bizirauteko ordua da, magia hori berreskuratuz, taldea indartuz baina aldi berean norbere burujabetasuna zainduz, ingurumenaz baliatuz baina bere zatiak izaten, gizaki guztiok lagun gisa onartuz eta aldi berean denok denoi emanez eta hartuz.

Edukin honi buruzko bertsio luzeagoa nahi baduzu, jo Euskal Senaren Oinarrizko Dokumentura. Gako hauei buruzko bertsio laburrak nahiago badituzu, jarraitu hemengo gakoetan nabigatzen.