Euskaldun eta Euskalsendun bizitzeko, eta Euskal Sena zertan datzan hausnartzeko, data bereziak daude. Proposatu iruzkinetan zureak.

Abenduak 20-23 bitartean, neguko solstizioa, bizitzaren funtsa hausnartzeko. Urteko gaurik luzeena, beraz, barnerakoitasunarekin, hilargiarekin, Hutsarekin eta Adur bizitzaren printzipio pasibo-sortzailearekin hausnartzeko zerikusia izango zuena, gure emetasun eta sormen aldea izaki. Ziur asko, arbasoek hau ospatuko zuten, harrespilak bezalako lekuetan.

Gabonzahar (gaua) eta Urteberri (eguna), bizitza eta ura ospatzeko eta desiratzeko. Urte zaharreko azken gauaren eta urte berriko lehenaren atarian, Nafarroan gorde da ‘ur goiena, ur barrena’ ohitura, ziur asko antzinako euskal munduikuskerarekin erlazioa duena. Hamabiek jo bezain laster, pitxer bat txorrota urez bete eta sendiko kideek edaten dute, “ur goiena, ur barrena” esanez, urte berri ona desiratzeko. Urtea euskaraz ur-te da, zantzu guztien arabera, bizitzak ura duelako bizi gai, eta urteko sasoiak ere badirelako urak zein.

Azaroaren hasieran, gaztain-jana edo gaztain afari herrikoia. Baserrian ospatzen zen, auzolanean gaztainak bildurik eta gauean afari-merienda gisan erreta, danbolinean, dantzan eta bertsotan bukaturik. Urte oparoaren bukaera adierazten zuen, bizitza ziklo berriaren aurrean, hots, AmaLurrari elikagaiengatik  eskerrak emateko keinua izaten zen: “Elur Melur , ez nauk hire beldur etxian badiagu nahiko arto, (gaztain) eta egur”.

Ekainak 20-22 bitartean, udako solstizioa, bizitzan ekimena hauspotzeko. Urteko egunik luzeena, beraz, kanporakoitasunarekin, eguzkiarekin, eta Indar bizitzaren printzipio aktibo-laguntzailearekin hausnartzeko zerikusia izango zuena, gure gizontasun eta ekimen aldea izaki. Ziur asko, arbasoek hau ospatuko zuten, gaur egun bezala, tokian-tokiko su handien inguruan.