Batasuna, taldea eta lagunak dira irizpide
Euskarak ez bakarrik sendia eta etxearekiko edota izadiarekiko, edozein giza-taldearekiko lehenesten du batasuna. Norbera taldekidea da taldearen batasunean ongi txertatzen den heinean.
Horren isla, norbaiten ideiarekin ados egotea zurekin bat nator sentitzea da. Norbaitekin joatea eta etortzea, batasunean da ere: zuekin bat egin nuen zuekin alkartu nintzela da; zuekin batera etorri ala joan nintzen zuekin etorri ala joan nintzela da, eta abar.
Eta talde zenbaketak batutzaileak dira, nia berarengan desagerarazten dutelarik: Leire, Axuri, eta hirurok egon ginen.
Ez da kasualitatea: -ok atzizki barneratzailearekin nia zokoratzen eta taldekidetza lehenesten da, berriz ere (euskaldunok, lagunok…).
Batasunaren irizpidea, are gehiago, gure hizkuntzaren bizkarrezurra da. Ulertzea zaila izan daiteke akaso, baina honakoa da arrazoia. Euskarak osotasunetik xehetasunerantza darama arreta, SOV egiturako esaldien bidez (aditza edo V azkenean jarriz), aglutinazioz eraikitzen direnak (lokarri gisa atzizkiak erabiliz). Adibidez: taberna honetan gauden jendearen talde honetako kide bati edontzia erori zaio esaldia. Lehen arreta tabernan eta jendean dago, eta azkena da pertsona eta bere edontzian, horri buruzko argibidea ematen delarik. Beste Europako hizkuntzetan (eta munduko hizkuntza gehienetan) arreta pertsona zehatzei eta gauzei eramaten da, eta bigarren mailan gelditzen dira beraien orokortasunak eta batasunak. Euskaran ez, lehen arreta osotasunetara doa, eta xehetasunak eta akzioak hor txertatzen dira.
Osotasunari, batasunari eta borobiltasunari lehen arreta emateak, Euskal Sena ikertzen egon garen auzolankide batzuen iritziz, bizitza patxadaz aztertzen dugula erakusten du. Bertsotan ere ematen den prozesua da: azken errima erabakitzeko, lehendik mezuaren osotasuna aurreikusi behar da.
Zenbaketa biltzaileak (zu ta biok), gu niaren ordezkatzaile gisa erabiltzeak, -ok atzizki barneratzaileak (euskaldunok, lagunok…), eta orokortasunetik xehetasunetara SOV esaldiak aglutinazioz eraikitzeak, bizitzaren oso ulerpen sakona erakusten dute. Batasuna bizitzaren alde desberdinetan lehenestea, eta edozein lagunekiko edo pertsonarekiko batura helburu izatea, ez da hutsala. Euskal munduikuskera planetako jakinduria tradizio handiekin parekatzen da, hauetan batasuna irizpide nagusia delako.
Edukin honi buruzko bertsio luzeagoa nahi baduzu, jo Euskal Senaren Oinarrizko Dokumentura. Gako hauei buruzko bertsio laburrak nahiago badituzu, jarraitu hemengo gakoetan nabigatzen.
Utzi erantzuna