Euskal munduikuskeran gizartea eta ekonomia ez dira gauza tristeak norbanakoen kontsumorako; aldiz, jarduera jostagarrien eremu dira, eta norbanakoek jendarteari emanikoak. Hau oso argi dago gure munduikuskera islatu zuen antzinako erregistroan: mitologian.

Hasteko, euskal mitogian ez dago Jainkorik ezta Jainkosarik, hitz horren adiera modernoan, Mari edo Dama ‘jainkosa’ deitzen dugun arren. Naturaren gorpuztea, irudia eta zerizana dugu Mari, naturaz gaindiko ‘jainkosa’ bat baino. Eta berdina da beste pertsonai mitologikoekin. Euskal munduikuskeraren naturalismoa azpimarratzen du honek, berriz ere, eta Europako beste mitologiekin desberdintasun nabaria ezartzen.

Beste berezitasun nabarmena: euskal izaki mitikoek lan egiten dute. Eta, are gehiago, jostatuz egiten dute lan. Gentilek lana bai, baina jostatuz eta jostatzatik egiten dute lan, posturak eginez eta beraien buruak neurtuz. Eta Basajaunak ardiak zaintzen ditu, inoiz ez lapurtzen ala hiltzen. Mariren pertsonai nagusiak ere, baserri eta sendiren ahul eta gaixo ikusten badu, ortua egingo die gauaz, inolako kexurik gabe. Eta gerora Maria kristauaren gurtza, gureganatu genuenean, Amabirjiña eran, hara non arrantzaleei laguntzera joaten den ere gauaz, egunsentian elizan dagoen bere irudia kresalaz bustita ageriz, beste edozein langile bezala.

Euskal pertsonaiek, Mari ala Galtzagorriak izan, ortua lantzen dizutenean, ez dute aztitzaz edo magiaz egiten, gogor lan egiten baizik. Baina hau guztia ez da sofrimendu eta ezkortasunez egindako zerbait. Maitasunez egindako lana ez baita ‘lana’.

Hauek ez dira irudimen eta asmakizun faltsuak. Euskal naturalismoari jarraiki, ez gaitu Jainko batek sortu, eta ez gaituzte jainko batzuek eragiten. Aldiz, guk sortzen ditugu Jainkoak eta jainkoak, naturaz haratago ez baita ezer esistitzen. Horrela, pertsonai mitologikoek eta erlijioek bizitzaz uste duguna islatzen dute. Mari, Amabirjiñak eta Jentillek, bizitza nola interpretatzen dugun islatzen dute, eta nolakoa izan dadin nahi dugun. Hortik garrantzia, euskal gizartearen iturriak eta zenbait alde moderno ezagutzeko ere.

Euskal ikuspegi ekonomikoa horrelakoa da ba, mitologiaren ispiluan: lanaz eta ekimenaz lortzen dira gauzak, ez zerutik eroritako ala norbaitek emondako kontsumoaz eta jabegoaz. Euskal izaerari buruzko irudi topiko bat erakusten du honek: ‘euskalduna, langilea’. Baina askoz gauza gehiago inplikatzen ditu.

Itzuli gaitezen nia Etxean txertatzeko joerara. Gu etxerako gara, ez etxea guretzat dio esaera zaharrak. Gaur egun, erdi txantxetan esandako agur baten islatzen da ere: ondo ibili, gitxi gasatu, eta bueltak amari. Jabegoa ikusteko modu berezi bat inplikatzen du ere: jabetza edo jabegoa lanatik eta zainketatik ateratzen den erabakimena da; ez da propietatea edo zerbaitekin nahi duzuna egiteko askatasuna. Auzolankide baten amamak ondo baino hobeto laburbildu zuen, baserria zaintzen lan egun gogor bat eman ondoren: ai, zelako jabetasuna emon dautsegun etxeari! Oro har, ekonomiaren eta gizartearen gaineko euskal ikuskeran, norbanakoak etxerako eta jendarterako dira, ez alderantziz.

Jabegoa eta baliabideak, beraz, ekoizpen bitartekoak eta gizarteko jendea lantzen eta zaintzen dituenarentzat dira, ez boteredunarentzat. Hau ez da idealismo hutsa. Euskal Estatu bat izan zen Nafarroako Erreinua jabego ikuspegi hau islatzen duen tenente delako buruzagi militarren bidez egituratzen zen. Baina tenenteak etziren jauntxo feudalak. Gazteluetan eta gotorlekuetan erabakimena zuten horiek eta babesturiko jendeak zaintzen zituzten bitartean, besterik ez. Etzuten oinordetzan emateko eskubiderik; etziren beraienak.

Oro har, Euskal Senaren trinkotasuna eta koherentzia dimentsio desberdinetan antzeman daiteke. Adibidez, euskal senaren ekonomi auzolankidetasuna mitologian egiaztatzen da: lamiñek zubiak auzolanean egiten dituzte; ez bakardadean, elkar lanaren bidez baizik. Baina, aurkako norantzan, munduikuskerak osotasunean eta biribiltasunean jartzen duen arreta ekonomian ikusten da: euskal erakunde ekonomikoak zirkularrak dira, errolak eta betebeharrak txandakatuz. Euskal jendarteak, ekoizpenerako, taldea lehenesten du, biribilaren lojika berdinkoia eta hierarkiarik gabekoa gida hartuz.

Edukin honi buruzko bertsio luzeagoa nahi baduzu, jo Euskal Senaren Oinarrizko Dokumentura. Gako hauei buruzko bertsio laburrak nahiago badituzu, jarraitu hemengo gakoetan nabigatzen.